Legegintzaldi Plana

 998 Aldiz ikusita,  1 gaur

Udal gobernua gidatzeko ekintzak.

Hauteskunde-programez eta mezu politiko abstraktuez haratago, legegintzaldi-plan batek udal-gobernuaren ekintza zehatzak finkatu nahi ditu denbora-tarte jakin baterako. Sopela dinamikoagoa, inklusiboagoa, euskaldunagoa eta bizi-kalitate handiagokoa lortzea norabide egokian eta urrats jakin batzuetan gauzatu behar da. Horrela, 2023-2027 jarduketa-plan hau ahalik eta gardenena eta errealistena izan dadin ahalegindu gara. Ez da plan itxia, eta, beraz, herritarrek, eragile sozialek, udal-langileek eta Udalbatzako gainerako taldeek proposatuta, aldaketak eta hobekuntzak egiteko aukera egongo da, udal funtzionamenduak ahalbideratzen dituen ohiko bideak erabilita.

2024. Urtearen balorazioa

2024ko aurrekontu-proiektuaren memorian 5 ildo nagusi azpimarratzen ziren: lorezaintza eta kale garbiketa zerbitzuak, erdiguneko oinezkoentzako gunean hobekuntzak eta irisgarritasuna bermatzea Udaletxetik Kurtziora, hezkuntzarekin lotutako proiektuak, laguntza sozialekin zein tokiko garapenarekin lotutako ekimenak eta azkenik, Sopelarentzat estrategikoak diren egitasmoak bultzatzea.

  1. Lorezaintza zerbitzua 2024an lizitatu eta esleitu da, aurrekontu partidan zein zerbitzuaren kontrol-neurrietan eraginez. Kontratazio prozesuan egondako oztopoak direla eta (empresa baten errekurtsoa), kale garbiketaren kontratazioa atzeratzen ari da.
  2. Erdigunea oinezkoentzat bihurtzeko proiektua hobetzeko hainbat neurri diseinatu dira 2024an, hainbat fasetan gauzatzeko. Lehen fasearen kontratazio prozesua abian da. Udaletxetik Kurtzio kultur etxeraino irisgarritasuna hobetzeko neurriei dagokienez, Brigadarekin burutu dira hobekuntza ekintza puntualak.
  3. Eskola-bide seguruen proiektua bultzatu da Zipiriñeko eskola eta Ander Deuna Ikastolarekin elkarlanean, aurreikusi bezala. Zipiriñeko eskolan haurrentzako jolas-parke berria egin da.
  4. Laguntza sozialen aurreko urteetako kopuruak mantendu eta “Sopelan” lerroko laguntzak handitu dira. Horrez gain, Komertzianteen Elkartearekin hitzarmen bat sinatu da beraien ekimenak bultzatzeko.
  5. Sopelarentzat estrategikoak diren egitasmoak bultzatu dira, irismen maila desberdinekin: Liburutegi berriaren proiektua ez da lizitatu, baina beharrizanen txostena eta proiektuaren aurrekontua zein lizitazio pliego teknikoen zirriborroa aurkeztu dira; Larrabasterrako Urgitxieta plaza eraberritzeko aurre-proiektua diseinatu da; UPV/EHUko Partehartuz ikerketa taldearekin Gobernantza Partehartzailearen Plana diseinatzen ari da Udala; mugikortasun-planaren eguneraketa burutu da; kirol plan estrategikoa aurkeztu da; komertzioa biziberritzeko plan berezia ez da esleitu baina lizitazio prozesua martxan da; turismoaren plan estrategikoa garatzen da.

Legegintzaldi honen oinarri programatikoak 2024an finkatuko zirela aipatzen zen aurrekontuen memoria ekonomikoan, eta adierazpen hori baieztatu daiteke, hainbat plangintza eta proiektuei ekin baitzaie ekitaldi horretan.

Horrez gain, hainbat ekintza zehatz egin dira hainbat alorretan: Lonjak etxebizitzetan bihurtzeko ordenantza, Loiola eta Asu sektoreko babes publiko etxebizitzen sustapena, HAPOren prozesuari bultzada, Loiola eta Abaroko partzelak Eusko Jaurlaritzaren esku utzi, herri bideen inbentarioaren behin betiko onarpena, aniztasunari buruzko sentzibilizazio jardunaldiak, Ugeraga kirol elkartearekin hitzarmena, egungo liburutegian hobekuntzak, memoria historikoa berreskuratzeko lankidetza Eusko Ikaskuntzarekin, Udal Erreglamendu Orokorra eguneratzea, aurrekontu partehartzaileen prozesua…

Edonola ere, kontratazio prozesuan atzerapenak gertatzen ari dira, nahiz eta proposamen teknikoa eta aurrekontu partida prest egon. Hainbat proiektuei eragiten die planifikazioan eta kontrolean izandako gabezia horiek: Sopelako erdiguneko oinezkoentzako gunean hobekuntza paisajistikoak, Etxebarri zein Plazarte kaleak hobetzea, Iturrieta parkean komun publiko bat, Landa bideen mantenua (Manene, Arabeta eta Gatzarriñe kaleetan), Bidebieta kalean hobekuntzak, Zipiriñeko eguzki plaken proiektua gauzatu, abiadura kontrolatzeko radarrak Gatzarriñen eta Iberren, Gatzarriñeko eta Urgitxieta kaleen arteko errotondan 3. erraila ezartzea, sorkuntza bekak, PERCO azterketa egin (komertzioa biziberritzeko plan berezia), adibidez.

Planifikazioa eta kontrola hobetzeko, honako neurriak proposatu dira, 2024ko azken hiruhilekoan inplementatu eta 2025ean bere osotasunean aplikatzeko:

  1. Lanaren antolakuntzaren esparruan, koordinazioan errazteko departamenduen arteko bilera estrategikoak, departamenduen barneko bilera operatiboak eta proiektuen araberako bilera interdepartamentalak proposatzen dira. Horrez gain, lehentasunak identifikatzeko eta lehentasun horiei jarraipena egiteko kalkulu orrien erabilera aurreikusi da.
  2. Kontratazio prozesuaren esparruan, funtzioak eta lanak banatzeko protokolo berria idatzi da (kontratazio prozesua hainbat departamenduen artean banatuz), Urteko Kontratazio Plan Estrategikoa osatu (urteko plangintza) eta kontratuen egoeraren berri izateko (hileko kontrola).

Laburbilduz, esan genezake 2024an datozen bi urte t’erdirako legealdi planaren oinarriak finkatu direla, epe laburrean burutu ezin daitezkeen hainbat proiektuei hasiera eman diegula eta azkenik, hainbat aurrerapen egin direla alor desberdinetan. Kontratazioaren planifikazioan zein kontrolean identifikatu diren zenbait oztopo gainditze aldera proposamen zehatza egin da, proiektuetan atzerapenak ekiditzeko. 2025ean legealdi planean zehaztutako lan ildoetan sakontzea da helburua.


2025. urteko balorazioa

2025eko aurrekontuen memorian, bost lan ildo nagusi nabarmentzen genituen ekitaldi horretarako eta honako hau da egindako lanaren balorazioa:

  1. ETXEBIZITZA ETA HIRIGINTZA: HAPO prozesuari bultzada, Loiola eta Asuko babes publikoko etxebizitzen sustapenei jarraipena, Abaroko sektorearen garapena babestu, etxebizitza hutsak mobilizatzeko neurri berriak martxan jarri eta Sopelako zenbait sektore gune tentsionatu izendatzeko tramiteak egin. Oztopoak oztopo, lan lerro bakoitzean aurrerapausuak eman dira, aurrerago azalduko dugun bezalaxe.
  2. BIZI KALITATEA ETA INGURUMENA: Lorezaintzako eta kale-garbiketako kontratuen kontrol zorrotza egiten ari gara (hileko jarraipen bilerak enpresarekin), herritarren bizi kalitatea bermatzeko ezinbestekoak diren bi zerbitzuen eraginkortasuna ziurtatuz. Mugikortasunaren alorrean, Sopelbusaren kontratu berria abian jarri dugu baina ez gara gai izan oraindik auzotaxi zerbitzua martxan jartzeko. Bestetik, Sopelako Mugikortasun Planak zehazten dituen neurriak martxan jartzen hasteko, errotonda edo biribilguneen proiektua 2025ean lizitatzeko aurrekontu aldaketa egin dugu. Horrez gain, Eraztun Berdearekin lotutako proiektuei heldu diegu: herri bideen inbentarioaren behin betiko onarpena eta Meñakoz bidearen konponketa lanak, zuhaitzen plana onartu eta proba pilotoa martxan jarri, landare inbaditzaileak kentzeko lanak Atxabiribil aldean, Urko hezeguneko partzelen okupazioa, Munarrikolandako Burdin Hesia balioan jartzeko proiektuan aurrepauasuak eta arkeologi mapa egiten hasi 2025eko bukaeran prest izateko. Horrez gain, zero zabor proiektua martxan jarri dugu eta etxeko autokonpostaia bultzatzeko tasa tarifa berezia ahalbideratu dugu. Birziklapenaren aldeko kontzientziatzeko komunikazio-kanpaina bereziak egiteko daude, memoria hau aurkezten dugun egunerako.
  3. HEZKUNTZA: Sopela herri hezitzaile bihurtzeko urratsak eman dira, Oinherri sarearekin elkarlanean arituz zein EHU/UPVko Hezkuntza Fakultateak Udal Hezkuntza Kontseiluaren inguruan bultzatutako ikerketa proiektuan parte hartuz. “Sopela bideak” proiektuari jarraipena eman diogu, 2025/2026 ikasturtean ere martxan jarriz.
  4. GIZARTE ALORRA ETA ANIZTASUNA: “Sopela lagunkoia” egitasmoa abian jarri berri dugu, adineko herritarren ikuspegia politika publikoetan txertatuz eta udalerria adin guztietarako pentsatuta egotea bermatuz. Sopelako Udalerriko Irisgarritasun Unibertsaleko Planari dagokionez, ostera, ezin izan ditugu seinaleak egokitu udal eraikinetan, memoria hau aurkezten dugun egunerako. Hala ere, irisgarritasun fisiko zein kognitiboari buruzko jardunaldiak antolatuko dira 2025eko azken hiruhilekoan. Bestetik, Hirigintza alorrarekin lotutako irisgarritasuna bermatzeko lanak egin dira, Olabiden zein Akilino Arriolan (jubilatuen etxe inguruan), udal brigadarekin: Bidebieta aldean ere hobekuntzak egin dira, Sertutxa eta Zubigane kaleen hobekuntzak 2026an aurreikusita daude. Lizarren hobekuntzak burutzeko daude. Azkenik, zaurgarritasun egoeran egon daitezkeen herritarrak laguntze aldera, dirulaguntza sozialak bideratu dira.
  5. TOKI GARAPENA ETA MERKATARITZARI ZEIN OSTALARITZARI BULTZADA: Hiri Ekonomia Bultzatzeko Plan Estrategikoa,  Turismo Jasangarriko Plan Estrategikoa eta Sopelako enpresen ehunaren  Plan Estrategikoa onartu dira; Gure Lurreko Merkatua antolatu dugu Larrabasterran Jataondorekin lankidetzan; tokiko merkataritzaren sustapena eta kontsumo ohituren aldaketa bultzatzeko “Sopelan Puntuz Puntu” izeneko bono kanpaina berria martxan jarri dugu, sektore komertzialarekin batera kanpaina hori diseinatu eta gero; “Sopela gustora” pintxo lehiaketa martxan jarri dugu bai Sopelan zein Larrabasterran; autokarabana aparkalekua arautzeko ordenantza onartu da baina ezin izan dugu aparkalekua bera berriztu memoria hau aurkezten dugun unerako; Sopelako enpresen ehunaren eta ostalaritza sektorearen diagnostikoa egin eta gero, sektore horientzat diru-laguntzak handitu ditugu, dirulaguntza lerroak eraberrituz, “Sopela Garatu” deialdi berria sortuz.

Lan ildo horiez gain, Sopelaren etorkizuna irudikatzeko PROIEKTU ESTRATEGIKOAK bultzatzen jarraitu du Udalak, hala nola, liburutegi berriaren oinarrizko proiektuaren aurrekontu aldaketa eta lizitazio-prozesuarekin aurrera egitea, Larrabasterrako Urgitxieta plazaren eraberritzeko lizitazio-prozesuarekin aurrera egitea, Gobernantza Partehartzailearen Plana onartzea eta Kirol Plan Estrategikoak proposazten zuen kirol teknikaria lanpostua ahalbideratzea, adibidez. Kirol alorrean, zehazki, aipatzekoa da kirol instalakuntzen ikuskaritza teknikoa zein kirol instalakuntzen kudeaketaren bideragarritasun plana egin izana, ezinbesteko urratsak lizitazio berria martxan jartzeko.

Aipamen berezia egin behar zaio ere 2024-2025 aurrekontu partehartzailearen prozesuari. Izan ere, prozesuan zehaztutako proiektuak 2025ean garatzen aritu da Udala: Zipiriñeko eskolan iturri bat jarri eta Bidegorria luzatu dugu Akilino Arriolatik Zipiriñe eskolaraino; Iturrieta parkean hobekuntzak egiteko proiektua garatzen gabiltza lizitatu ahal izateko; gauza bera argiteria publikoa berritzeko intentsitate txikiko LED-en kasuan, lizitazio prozesuan gabiltzalako memoria hau aurkezten den egunerako. Sopelako Udalaren Zuhaitz Plana gauzatzen joateko proiektu pilotoa kontratatu dugu jadanik (Akilino Arriolan, Zipiriñe aurrean). Kurtzioko gaztelekua handitzeko zailtasun teknikoak daude, ordea.

Laburbilduz, 2024an hasitako proiektuei eta legealdi planean finkatutako lan ildoei jarraipena eman diegu 2025ean, udal funtzionamenduaren hobekuntzan arreta berezia jarriz: herritarren partehartzea udal politiketan; zeharkakotasuna, koordinazioa eta komunikazioa udaleko departamendu desberdinen artean; proiektuen plangintza eta kontrola; kontratazio prozesuaren planifikazioa eta kontrola. Horren erakusle da EHUko Parte Hartuz ikerketa taldearekin batera garatutako Gobernantza Partehartzailearen Plana eta EUSKALIT erakundearekin Kudeaketa Aurreratuaren Ereduaren inguruan jasotako prestakuntza saioak, besteak beste.

 999 Aldiz ikusita,  2 gaur